Kurtsoa hasi zenetik DBHO1eko Anatomiako ikasleak Goazen Ordizia programan parte hartu dute, eta ostegun honetan, apirilak 27, izan dute azken saioa.

Proiektu hori Ordiziako udalak bultzatzen du, eta herriko hainbat eragilek (Ordizia kolore, Kimetz, Garagunea, Zuhaizti eta Lagunkiro) eta boluntarioek posible egiten dute. Egitasmo horren helburua da mugikortasun arazoak dituzten adinekoen eta adimen-desgaitasuna duten helduen gizarteratze eta osasun hobetzea ostegunero herrian barrena ibilaldiak burutuz. Ikasleen parte-hartzearekin belaunaldien arteko lotura eta harremantzea ere sustatu nahi da. Modu honetara ibilaldi hauek ez dira soilik osasun fisikoan oinarritzen, aitzitik, adin, izaera eta kondizio ezberdineko pertsonen topagunea ere bada, eta zentzu horretan, partehartzaileentzat garapen eta ongizate emozional eta psikologikorako ere garrantzia handia du.

Jakintza Ikastolako 10 ikaslek bi ostegunetik behin parte hartu dute (Ordiziako beste ikastetxe batzuetan ikasleekin batera edo horiekin txandakatuz). Euren zeregina izan da Goazen Ordiziako partaideei ibilbidean zehar laguntza eta konpainia eskaintzei. Edonola ere, eskainitakoaz gainera, ikasleek beraien formakuntza eta garapen emozionalerako bizipen aberasgarriak jaso dituzte. Txango, solasaldi edota besterik gabe, Goazeneko partaideekin egonean egonda, bizi-errealitate ezberdinak ezagutu eta zailtasunak zailtasun, bizitza ilusioz eta pozez hartu daitekeela ikusi eta ikasi dute.

Jakintza Ikastolatik bereziki eskertu nahiko genieke osteguneroko antolakuntzan parte hartzen duten boluntarioei, elkarteei eta udal-teknikariari, ekimen hau astero antolatzeko egiten duten esfortzuagatik; eta lan-horretan jarraitzera animatu nahi ditugu!!