Ikastolen Elkartean batzen garen 113 ikastoletako ordezkariak elkartu gara gaur, Donostian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako garatzen ari den Hezkuntza Lege berriaren eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan egin ditugun hausnarketak plazaratzeko. Eskualdez eskualde elkartu gara ikastolak gaia jorratzeko, beronek etorkizuneko euskal hezkuntza sisteman izango dituen erronkei buruz hitz egiteko, bai eta ikastolen mugimendutik begira eraiki nahi dugun Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemari begira urrats garrantzitsu bat izan daitekeen une honek duen garrantzi handia azpimarratzeko ere.
Ikastola guztien izenean hitza hartu dute gure mugimenduko ordezkari nagusiek: Koldo Tellituk, Nekane Artolak, Elena Zabaletak eta Peio Jorajuriak.
Segidan duzue gaurko agerraldian egin dugun adierazpena.
—————————————————————————————————————————————————————————————————–
Gu ikastola gara, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zehar hedatuta gauden euskal hezkuntza eragile bakarrak. Eta horregatik gaur ere, zazpi lurraldeetako ordezkariak elkartu gara hemen, 113 ikastoletako zuzendari, guraso eta artezkaritza kideekin batera, gure izaerari erantzunez, elkarlanean eta guztion artean eraikitako mezua helarazteko asmoz.
2022ko martxoaren 31n baloratu genuen EAJ, EHBildu, PSE eta Elkarrekin Podemos alderdiek adostutako EUSKAL HEZKUNTZAREN ERALDAKETARAKO OINARRIEN AKORDIOAren zirriborroa. Balorazio hartan, sinatu berri zuten akordioan jasotzen ziren puntu eta ideia batzuk begi onez ikusi genituen. Esate baterako: ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-komunikaziorako gaitasun maila(k) zehaztea, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren (EHZP) sorrera, definizioa eta parte izateko bete beharreko baldintza eta konpromisoak akordioan bertan jasota egotea edota segregazioa ekiditeko proposamenak zehaztea. Aldi berean, bazen kezka eta ardura sortzen zizkigun beste hainbat gako ere: Euskal Herriaren aipamen falta, eskolatze batzordearen osaera ez definitzea, Euskal Curriculumari erreferentziarik eza, hizkuntzen tratamenduaren gaineko zehaztapen falta, 0-3 zikloari dagokion proposamena eta abar. Orduan aurreratu genuen bide luzea genuela eraikitzeko; orduan abiatzen zela lanik zailena eta esanguratsuena, legearen idazketa prozesua, alegia. Azpimarratu genuen hitzarmenak jasotzen zuenak legean zehaztapen handiagoa beharko zuela izan, eta idazketa prozesuan gorabeherak egongo zirela. Momentu gorabeheratsu horiek iritsi dira, baina ziur gaude, orain arte erakutsitako jarrera eraikitzaileari eusteko gai bagara, bizi dugun abagune historiko hau arrakastarekin gauzatzeko aukera dugula.
Zazpi hilabete eta gehiago joan dira azalpen horiek eman genituenetik eta bidean, irailaren hasieran, Hezkuntza Legearen lehen zirriborroa ezagutu genuen. Dokumentua irakurtzean, orduan esandakoa berretsi ahal izan genuen. Hau da,
legeak eskatzen dituen zehaztapenetan desadostasunak eta, ondorioz, gorabeherak izango genituela.
Azken hilabeteetan ikastoletan eztabaida prozesuak ireki ditugu, geure komunitatearen iritzia jaso nahi izan dugu. Horrez gain, eskualdeko bilerak antolatu eta gauzatu ditugu lege zirriborroaren nondik norakoak aztertu eta ikastolen premia eta nahiak jasotzeko.
Gaurko ekimen honen bitartez, gogoetaren ondorioak zuekin, euskal herritarrekin, partekatu nahi ditugu. Ez diogu, baina, lege zirriborroari eta bere artikulatuari erreferentzia zuzenik egingo, begirada orokorrago batetik helduko diogu gaiari.
1. Gure ustez, Lege honek Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eraldatzen lagundu behar du eta horretarako dauden aukerak azaleratzen saiatuko gara.
2. Euskal Herriko hezkuntza sistema bi estatuk eta hiru administrazio desberdinek arautzen dute (lauk, Trebiñuko kuadrillarekin), eta horrek zaildu egiten du euskal lurralde osorako proiektuak bideratzea. Ikastolok, horretan ahalegin berezia egiten dugu; Euskal lurralde osorako proiektu bakarra da gurea, eta administrazio desberdinek bete ezin dituzten hainbat hutsune betetzen ditugu ikastolok gure jardunarekin. Zazpi lurraldeetako ikastolen arteko elkarlana sustatuz, proiektu komunak landuz edo eta gehien behar duten ikastolentzat elkartasun ekimenak bultzatuz. Euskal Herri honetan orain arte behintzat instituzioek ez digute marko legal egokirik eskaini, eta, ondorioz, Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartu gaituzte. Baina ikastolok bestelako eredu bat izan nahi dugu, eta gogor egin dugu lan horretarako. Gaur egun, garaiak erabat aldatu diren arren, Euskal Herriarekin dugun konpromisoari eutsi eta gure ezaugarriak gizarte osoari eskaini nahi dizkiogu:
a. Gure ardatza den euskaraz gain;
b. euskal kulturaren transmisioa,
c. euskal curriculuma,
d. gobernantza eredu demokratikoa,
e. parte-hartzea, elkarlana, auzolana,
f. berrikuntza,
g. materialgintza propioa…
Horregatik, gure indargune diren ezaugarri hauek mantentzeko eta zabaltzeko marko legal berri bat aldarrikatzen dugu.
3. Gure helburua hezkuntza sistema propioa da, eta horretarako urratsak egin ditugu azken hamarkadatan. Eta orain ere badagokigu urratsak egitea, eskuzabal baina sendo. Urte hauetan guztietan euskal hezkuntzari egin diogun ekarpena egiten jarraitzeko asmoa dugu.
Ikastolon ezaugarri nagusietako bat da hezkuntza komunitatean oinarritzea; hezkuntza inklusibo eta euskaldunaren aldeko apustua egin nahi badugu komunitatean oinarritu behar dugu. Hori da Lege honi eskatu behar dioguna, eskolaren autonomia erreala bermatzea, gureak diren ezaugarri horiek ahalik eta zabalkunde handiena izan dezaten, bokazio publikoz jaio baikinen. Eta horretarako ezinbesteko iruditzen zaigu publiko-pribatu dikotomia gainditzea, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ardaztuko duen sistema arautzea.
4. Euskal gizarteak pisuzko erronkak ditu egun. Beste batzuen artean, segregazioa eta euskara eta euskal kulturaren transmisioa. Eta horiei, herri moduan erantzun behar diegula argi dugu, modu kolektiboan eta eragile desberdinen arteko elkarlanaren bidez. Erronka horiek aurrean izanda, ezin dugu eragileen artean mokoka ibili (ikastolok ez gara ibiliko); denok gara beharrezkoak, ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisara pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik.
Euskararen arloan, kultur transmisioa ziurtatzeko zein segregazioari aurre egiteko neurrietan, handira jokatzeko unea dela aldarrikatzen dugu.
5. Ikaslea ardatz. Hezkuntza berrikuntzan jarri nahi dugu arreta, horretarako, pedagogia eredu aurreratua, ebidentzia zientifikoan oinarritua, pertsonaren garapenean zentratua… aldarrikatzen dugu. Pertsona bere osotasunean, alderdi fisiko zein emozional-mentalean, orekatua izatea bilatuko duena.
6. Gure gizartean dugun tradizioari jarraituz, eredu herritar baten alde egiten dugu guk. Zerbitzu publikoa ardatz, baina herritarra, udalen parte hartze zuzenarekin. Eta erabakietan komunitateak parte hartuko duen eredu baten alde egiten dugu. Eragileen arteko elkarlanarekin elikatuko dena. Behar beharrezkoa baitugu euskalgintzan, kulturgintzan, aisialdian zein herrigintzan dabilen eragile ororekin diseinatzea gure etorkizuna.
7. Lehen aipatu dugun bezala, orain arte behintzat Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartu gaituzte, baina une honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan besterik ez bada ere, aukera ikusten dugu, alde batetik, marko dual hori puskatzekoa eta, bestetik, Euskal Herriko ikastetxeen arteko proiektu komunak bideratzekoa. Garbi adierazi nahi dugu ez dugula, inolaz ere, alde batera utziko, Iparraldean eta Nafarroan euskarazko irakaskuntzan ari diren ikastolekin dugun konpromisoa.
8. Eta hori da, hain zuzen ere, agerraldi honetan eskatu nahi duguna:
● Zehaztu ditzagun Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta izango dituzten eskubide eta betebeharrak.
● Bultzatu dezagun sistema euskalduna, integratzailea, ikastetxeen autonomia erreala bermatuko duena.
● Eta horretarako, baliatu ditzagun orain arte egon diren esperientzia eta errealitate ezberdinak. Ikastolok asko lagundu dezakegu horretan. Esperientzia handia eta autogestionatua izan dugu, Euskal Herri osoan errealitate bihurtu dugun ereduan.
Sinisten dugu Euskal Herriko hezkuntza eragileon gaitasunean eta konpromisoan. Hezkuntza sistema berri baterantz egin nahi dugun bidean adostasunak bilatzeko ahalegina egin behar dugu denok. Gure aukera da. Erreparatu diezaiogun batzen gaituenari eta egin dezagun bidea hortik abiatuz, eragile guztiok aukera berdintasunean eta elkarlanean.
Eta momentu honetan gauzatu ezin dezakegunari (Euskal Herria, esperientzia eta errealitate ezberdinak elkartu) eman diezaiogun aukera etorkizunean gauza dadin, ez diezaiogun atea itxi etorkizunari.
Eta hori da alderdi politikoei, gizarte eragileei eta gizarte osoari eskaini eta eskatu nahi dioguna.
Benetan Euskal Hezkuntza Sistema berri, ezberdin eta eraldatzaile batean sinisten badugu, batu gaitezen denok, har dezagun esperientzia ezberdin bakoitzetik onena, eta utz diezaiogun etorkizuneko Euskal Herriari atea irekita.
Eta uler dezagun legea Euskal Hezkuntza Sistema nazional propioaren bidean urrats garrantzitsu moduan. Ezar diezaiogun zoru sendoa, zehaztasun handienarekin. Eta trantsizio horretan, bide horretan, ikastolok hor egongo gara, laguntzeko eta eztabaidatzeko prest, zintzo eta leial. Jarrera ireki eta eraikitzailearekin orain arte bezala.
Gu Euskara
Gu Euskal Herria
Gu Ikastola