Bi urte luze hauen ondoren, berriro ospatu ahal izan dugu gure Ikastolaren Eguna.

Aurten, inoizko tenperaturarik altuenarekin ospatzea tokatu bazaigu ere, gogotsu heldu diogu festari eta ederki moldatu gara prestatutako ekintzekin.

Udaletxeko balkoitik Larraitz Garmendia Zuzendariak luzatutako mezuarekin eta, jarraian, botatako txupinazoarekin hasiera eman diogu festari. Plaza Nagusian arnasten zen giroarekin garbi zegoen jendea gogotsu zebilela eta egun polit bat biziko genuela.

Berehala hasi da Haur Hezkuntzakoen “Ordiziako Festak” izeneko emanaldia. Ia Larizek antolatuko lituzkeen Jaien parekoak antolatu dituzte: Mozorro Festa (2 urtekoak), Aurreskua eta Txikien Koadrilen Eguna (3 urtekoak), Ordiziako Danborrada eta Ordiziako Klasikoa (4 urtekoak) eta Matutina erraldoia (era guztietako mozorroak, disko-parranda, Irungo Banda) eta Buruhaundi eta Erraldoien konpartsa (5 urtekoak). Ah, eta bi guraso Alkate eta Alkatesa. Ez zaigu ezertxo ere falta!!!

A ze lana! Zoragarria prestatu diguten ikuskizuna eta festa-gose gauden honetan, asetzeko moduko platera eskaini digutena.

Zorionak guztioi!!!

Plazako festa ospatzen ari zen bitartean, Araba Kalean Uretako Txirrista Lehen Hezkuntza ikaslez lepo dago. Ilara luzek egin dira, baina ilusioa eta giro ona dira nagusi. Itxaroteak merezi du eta gozatu ederra hartu dute denek. Haur Hezkuntzakoen emanaldia bukatu ondoren, euren txanda izan da eta freskatzeko aukera paregabea izan dute. Gauza bera Apar Festarekin frontoian eta Ur Jolasekin Barandiaran Plazan.

Beno, denok behar genuen horrelako jai-egun bat eta ea hemendik aurrera etenaldirik gabe gozatzen jarraitzeko aukera daukagun!

Jarraian, bideo eta argazki bilduma erraldoi batekin uzten zaituztegu!

Jakintza Ikastolaren Eguna 2022

2023ra arte!!!