2017-18 ikasturtean DBH4ko ikasleek bultzatutako Etiopiaren aldeko kanpainak Jakintza Ikastolako komunitatearen babes osoa jaso zuen. Elkartasun proiektu eder honek ekarri zuen kate luzea urte berri honetan ikusi ahal izango dugu Euskal Telebistan. Urtarrilaren 3an, 21:00etan, hau da, igande honetan bertan, ETB1-en eskainiko dute EUSKAL HERRITIK ETIOPIARA, Jakintza Ikastolan bildu ziren produktuen banaketa Etiopian nola egin zen erakusten duen erreportajea.
Proiektuak arrakasta handia izan zuen, gauza asko jaso ziren, zorionez bertara eraman ahal izan zena baino askoz gehiago. Beraz, eramateko aukera ez genuen gauzekin merkatu txiki bat egin zen. Merkatu txikiaren arrakasta ere handia izan zen, guztira 1350€ lortu zirelarik. Azpimarratu beharra dago, DBH4ko ikasleek bere saskia zozketatzea erabaki zutela Etiopiaren alde. Txalotzekoa benetan beraien borondate ona!!!
Beraz, jaso ziren gauza guztiak honela banatu ziren:
- Umeentzako arropa: Addis Abebatik gertu dagoen Walmara herriko ABAY elkarteari eman zitzaion.
- Jostailuak eta eskola materiala: Hegoaldeko Omo ibaiaren bailarako DASSANECH eta KARO tribuen eskoletan, eta iparraldeko Danakil basamortuko AFAR tribuaren eskola batean banatu ziren.
- Dirua: hiru proiektu desberdinetan banatu zen modu berean, hau da, 450€ proiektu bakoitzari. 1) Angel Olaran misiolari hernaniarrak bideratzen duen ETIOPIA UTOPIA proiektua, 2) ABAY proiektuari 3) Mekele hirian, tolosar batek bultzatzen duen TXIRRINDULARI PROIEKTU SOLIDARIOA.
Azkenik, merkatuan saldu ez diren gauzak eta eraman ezin genituenak, TOLOSALDEA SAHARArekin elkarteak TINDUFeko kanpalekuetara eraman zituen kamioietan.
Zoritxarrez, aipatu beharra dago, Sahararen egoera politikoa asko konplikatu dela, eta Etiopia iparraldea gerrate egoeran dagoela momentu honetan, erreportaje honetan azaltzen diren zenbait proiektu bete betean harrapatu dituelarik. Beraz, seguro etorkizunean ere gure elkartasuna beharko dutela!
Berriro ere, mila esker proiektuan parte hartu zenuten guztioi!