Joan den larunbatean, ekainaren 24an, Batxilergo 2.mailako ikasleen Agur Ekitaldia ospatu genuen familiekin batera. Musika, dantza eta bertso saioez gozatzeko aukera izan genuen. Emozioak ageri-agerian izan genituen: barre algarak nahiz begi distiratsuak ikus eta entzun zitezkeen. 

Muxu handi bana jaso eta zorte on!!!

Zuen ikastolako lehen urteetan ezin ailegatuko zirudien etapa baten amaierara iritsi zarete. Etapa baten amaiera beste baten hasiera da eta gaur, oroitzapen eta eskertza eguna izateaz gain, etorkizunari begiratzeko une ere bada. Datozen erronka berriei aurre egiteko, atzera begiratzea komenigarria da, nondik gatozen ez ahaztea, ez gaitezen bide antzuetatik galdu.

Oroitzapenen eguna…Inoiz ahaztuko ez dituzuen egoerak eta bizipenak gogora etorriko zaizkizuelako, are gehiago denborak aurrera egin ahala. Oroitzapen horien artean, zuen gurasoen eskutik, mundu ezezagun batera ematen zuen atea, lehen aldiz zeharkatu zenutenekoa, agian, ez datorkizue burura. Baina ate horren bestaldean eta zuek jakin gabe, abenturaz betetako zerumuga zabaltzen zen: etorkizuna, oraina bilakatu dena. Hasieran, haur negarti, ezezagun eta esku artean zuten altxorrez jabetzen ziren andereñoen artean eman zenituzten lehen pausoak. Denborak, lagun, konplize, bikote ere bihurtu zaituzte eta esperientzia ahaztezinak eskaini dizkizue. 

Oroitzapenen munduan, zuen gurasoek leku berezia hartzen dute. Urte hauetan zuen nortasuna astiro-astiro, tarteka irmotasunez eta gehienetan samurtasunez zizelkatzen aritu dira. Une nekezetan eta egunerokotasunean aurrera egiteko behar izan duzuen kemena, indarra, babesa eta maitasuna eskubete, haiengan aurkitu dituzue beti.

Oroitzapenen memorian ere, toki txiki bat egiguzue, espazio bat non giltzapean gordeko dituzuen bizi izandako oroipen gazi-gozoak. Baina hementxe gaituzue, zuei guztiei aitortza egiten; sakon arnasten, musika, dantza, hitzak eta hitz isilek eragindako korapiloa askatzeko. Gure bizitzaren parte iada zarete eta onerako ala txarrerako, zuen izanean, garenaren ale bat besterik ez bada ere, iraunaraziko du.

Izan zaitezte atseginak, esker onekoak, ez zarete damutuko eta gainera, zoriontsuagoak izango zarete. Gozatu bizitzako plazer txikiez, handiak gutxi dira eta.

Azkenik, amaitzeko, etorkizunak eskainitako erronkei ez muzin egin baina kritikotasunez aurre egiten jakin. Gazte aktiboak, ausartak, sentiberak, eskuzabalak, enpatikoak, errebeldeak, ezagutzaren alde jakin-mina piztuko dutenak behar ditugu. A ze lana jarri dizueguna!!!

Agurra ez da agur bat, inoiz ez zaituztegula ahaztuko esateko modu maitekorra baizik eta harro gaudela zuen ondoan bidea elkarrekin egin izanaz. Maitasun osoz, hegaldia hasi baino lehen, bizipen zirraragarriekin beteko duzuen bidaiarako, hoberena opa dizuegu. Plazer bat izan da!! 

Baaaaina pasarteari ezin amaiera eman, testu bat irakurri gabe… Irakurketaren garrantzia azken momentura arte…

Oraingo honetan, Eduardo Galeanoren “Un mar de fueguitos” mikroipuina izan da eta honela dio:

“Un hombre del pueblo de Neguá, en la costa de Colombia, pudo subir al alto cielo.

A la vuelta contó. Dijo que había contemplado desde arriba, la vida humana.

Y dijo que somos un mar de fueguitos.

     -El mundo es eso -reveló- un montón de gente, un mar de fueguitos.

Cada persona brilla con luz propia entre todas las demás. No hay dos fuegos iguales. Hay fuegos grandes y fuegos chicos y fuegos de todos los colores. Hay gente de fuego sereno, que ni se entera del viento, y gente de fuego loco que llena el aire de chispas. Algunos fuegos, fuegos bobos, no alumbran ni queman; pero otros arden la vida con tanta pasión que no se puede mirarlos sin parpadear, y quien se acerca se enciende”. 

IZAN SU, IZAN SUGAR BIZIA!! BEJONDEIZUELA!!!!